Bienestar subjetivo - Analisis y prospectiva

Ongizate subjektiboa

Panel honek aukera ematen du azterketa zorrotz eta sistematikoa egin, eta jakiteko Nafarroako herritarrek nola hautematen duten beren bizitzarekiko duten gogobetetasuna. Ikuspegi horrek plangintza estrategikoa egitea errazten du eta politika publikoak gidatzen ditu funtsezko faktoreei buruzko ebidentzia kontuan hartuta.

Hitzaurrea

Proiektua kokatzen da pertsonak ardatz gisa hartzen dituzten politika publikoen esparruan, eta ongizate subjektiboaren neurketa erabiltzen du ekonomia- eta gizarte-adierazle tradizionalen osagarri gisa. Testuinguru horretan, txostenak bizitzarekiko gogobetetasunaren adierazlea hartzen du ardatz nagusitzat. Adierazle horretatik abiatuta, modu konparatuan aztertzen dira ongizateari eragiten dioten hainbat arlo, hala nola osasuna, egoera ekonomikoa, enplegua, etxebizitza, laguntza-sareak, denboraren erabilera, etorkizunari buruzko itxaropenak edo testuinguru soziopolitikoaren pertzepzioa.

Ekimen honen helburu nagusia da informazio  garrantzitsu, fidagarri eta erabilgarria ematea politika publikoak planifikatu eta ebaluatzeko, eta aukera ematea, dela biztanleen ongizatea handitzen duten faktoreak identifikatzeko, dela egon daitezkeen ahulezia- edo desberdintasun-egoerak atzemateko. Era berean, txostenaren formatu interaktiboak ahalbidetzen du emaitzen kontsulta erraz eta dinamiko bat egin ahal izatea; gainera, informazioaren gardentasuna sustatzen du, bai eta herritar, gizarte-eragile eta erakundeek informazio hori aprobetxatu ahal izatea ere.

Metodologia

Metodologiaren ikuspegitik, lan honen aztergaia izan da Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren 1.100 pertsonari egindako panel-inkesta bat. Kataluniako Generalitatearen ongizate subjektiboaren adierazlea hartu da erreferentzia gisa inkesta diseinatzean.

Jasotako informazioa funtsezko aldagai batzuen arabera haztatu da, hala nola sexuaren eta lurralde-eremuaren arabera (Iruñeko metropolialdea eta Nafarroako gainerako zatia bereizita), emaitzak biztanleriaren egiturara egokitzen direla bermatzeko. Analisi horrek erabiltzen ditu nazioartean aitortza zabala lortutako adierazle batzuk, hala nola bizitzarekiko gogobetetasuna, zoriontasuna, bizitzaren zentzua edo antsietate- eta larritasun-mailak. Gainera, aztertzen du bizitzarekiko gogobetetasunak zer harreman dituen faktore pertsonal eta sozial askorekin, eta hala ongizatea atzemateko ikuspegi integral bat ahalbidetzen du.

Beste aldagai soziodemografiko batzuk ere kontuan hartu dira, gogobetetasunean eragin zuzena baitute aztertutako gainerako faktoreekin batera. Zehazki, adinari, diru-sarreren mailari eta jaioterriari erreparatu zaie.

Oro har, txosten hau tresna estrategiko ona da, Nafarroako biztanleen ongizatea hobeto ezagutzeko eta bizi-kalitatea hobetzera bideratutako politika publikoen diseinua bultzatzeko.

Pie de página